Giza eskubideen 18. zinemaldiko gazte epaimahaian parte hartzeko izen-ematea irekia

Gazte Epaimahaia 18 eta 30 urte arteko 150 gaztek osatuko dute. Apirilaren 23 eta 30 bitartean egingo den Giza Eskubideen Zinemaldiaren 18. edizioaren baitan Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango dute.

Gazte Epaimahaian kide izateko www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean izena eman behar da. Epea martxoaren 31ra arte irekita dago. Hurrengo egunean, hau da, apirilaren 1ean izena eman duten guztien artean zozketa egingo da, eta irabazleen izenak zinemaldiko webgunean ezagutzera emango dira.

Aurreko urteetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera emango du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte.

Horretaz gain, epaimahaikide lana egingo duten gazteei Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Asteko Victoria Eugenia Antzokiko saioetarako bi abonu emango zaizkie.

Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu. Lehiaketan hainbat herritatik eta nazioarteko zinemaldietatik etorritako gai sozialei buruzko film laburrek parte hartuko dute.

Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira: solasaldiak, tailerrak eta erakusketak, besteak beste.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia Donostiako Udalak antolatzen du Giza Eskubideen Bulegoaren eta Donostia Kulturaren bitartez, giza eskubideen inguruan kontzientzia kritikoa bultzatu nahi duelarik, bizikidetza aniztasunean, justizia sozialean, elkartasunean, askatasunean eta aukera-berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen laguntzeko helburuarekin.

Oinarriak eta izen-ematea

Comments are closed.