Hezitzaileentzako eskola saioak

Izen-emate epea zabalik!!!

Udalak 4 saioz osatutako hezitzaileentzako eskola programatu du.

Hezkuntza ez formalaren garrantziaz jakitun, haur eta nerabeekin lanean diharduten hezitzaileei baliabideak eskaintzea da programaren helburua.

Errenterian garrantzi handikoak diren eta haur eta nerabeen aisialdian eta hezkuntza prozesuan oinarrizko diren hainbat gairen inguruko bi saio monografiko antolatu dira otsailean aritu eta adituak herrira gonbidatuz Hik Hasi Euskal Heziketarako egitasmoaren laguntzarekin.

Lehenengo saioa 2020ko otsailaren 8an izango da, larunbata. ‘Kultur aniztasuna eta generoa gure herrietan. Apur bat harago’ gaia landuko da. Azkeneko hogei urtetan kultur aniztasuna nabarmen areagotu da euskal gizartean eta hezkuntza sisteman. Aniztasun horren kudeaketa da une honetan arreta merezi duen alderdi bat, ekitateari, gizarte kohesioari eta elkarbizitzari begira.

Aniztasuna generoaren gaiaiarekin gurutzatzen denean, zein egoera, galdera zalantza agertzen dira? Zein dira gizartearen indar guneak eta erronkak? Galdera hauen erantzuna bilatzen saiatuko dira otsailaren 29an ‘Kultur aniztasuna eta generoa gure herrietan. Gogoeta batzuk partekatzen’ saioaren esker.

Amelia Barquinek lagunduko ditu parte-hartzaileak hausnarketa hau egiten bi saioetan.

Halaber, beste bi saio egongo dira martxoan.

Arremanitz kooperatibak martxoaren 21ean dinamizatuko duen ‘Aniztasuna eta parekidetasuna plazara ateraz, pertsona zein harreman osasuntsu eta gustagarriak sortuz’ saioaren bitartez, parekidetasuna eta aniztasuna lantzeko eta hezitzaile gisa hori modu kontziente eta positiboan lantzeko gakoak eta tresnak garatuko dira.

Azkenik, 4. saioa martxoaren 28an izango da: ‘Antzerki teknikak berdintasuna eta aniztasuna lantzeko’, non Esther Uriak, antzerkiak dauzkan hainbat teknikez baliatuz, berdintasunaren eta aniztasunaren inguruan sortzen diren korapiloak landuko dituen. Irudi Antzerkia teknikatik abiatuz, errealitate honen inguruan dauzkagun pentsamolde eta sentimenduak aztertuko ditu. Estrategia dramatiko ezberdinak erabiliaz beste ikuspuntu ezberdinak eta jokatzeko alternatibak partekatzeko aukera izango dute hezitzaileek.

Aisialdian dabilen hezitzaile ororen topagune izatea du xede Hezitzaile Eskolak.

Saio guztiak 10:00etatik 13:00etara egingo dira Merkatuzarren. Saioak euskaraz eta doakoak izango dira. Plazak mugatuak dira eta ezinbestekoa da izena ematea. Gutxieneko partaide-kopurua taldea osatzeko: 10 persona.

INFORMAZIO GEHIAGO JASOTZEKO ETA IZENA EMATEKO:

gazteria@errenteria.eus helbidera idatzi behar da, 943 449 606 telefonora deitu dezake nahi duenak edo gazteria.errenteria.eus webean kontsultatu.

Categories