Astelehenean hasiko da matrikulazio kanpaina eta herriko ikastetxe publikoek haien hezkuntza eskaintza aurkeztu dute

Matrikulazio kanpaina urtarrilaren 18tik 29ra bitarte izango da (biak barne) eta hiru ikastetxeek ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte.

Herriko hiru ikastetxe publikoetako zuzendariek, hau da, Bizarain Ikastola, Cristobal Gamon Ikastetxea eta Koldo Mitxelena Herri Ikastetxekoek, 2021-2022 ikasturterako ikasle berrien matrikulazio kanpaina aurkeztu dute Hezkuntza zinegotziaren laguntzaz. Kanpaina hori urtarrilaren 18tik 29ra bitarte burutuko da, 2018 eta 2019 urteetan jaio diren haurrei zuzenduta.

Zuzendariek Errenteriako eskola publikoaren eskaintza hezitzailea azaldu dute, euskalduna eta kalitatezkoa dena, eta familiei dei egin diete antolatu dituzten ate irekietan parte hartzera, haien proiektuak bertatik bertara ezagutzeko. Pandemiaren ondorioz, aurten aldez aurreko hitzordua eskatu beharko da bertaratzeko.

Ate irekiak:

BIZARAIN IKASTOLA – Juan Crisostomo Arriaga eraikinean: urtarrilaren 11tik 28ra, 16:15etik 17:15era.

CRISTOBAL GAMON – Sorgintxulo, 6 eraikin nagusian: urtarrilaren 11tik 28ra.

KOLDO MITXELENA – Olibet eta Markola eraikinetan: urtarrilaren 11tik 15era.

Hezkuntza zinegotziak azken hilabeteetan hezkuntzako profesionalek egindako lan-eskerga goraipatu du, pandemiaren testuinguruan haurren hezkuntzarako eskubidea lehenetsi dutelako eta kalitatezko eskaintza bermatzen jarraitu dutelako, oztopoak oztopo.

Bi jolas parke estaltzeko proiektuak datozen urteetan

Abenduaren 9ko Osoko bilkuran onartutako kreditu konpromisoan jasotzen den bezala, datozen urteetan bi jolas parke estaliko ditu Udalak:

– 2021ean Cristobal Gamon ikastetxearen jolas parkea; 500.000 €-ko aurrekontuarekin.

– 2022an Koldo Mitxelena ikastetxeko Markola eraikineko jolas parkea; 500.000 €-ko aurrekontuarekin.

Estalpe hauek ikastetxeen proiektu hezitzaileari bultzada emateko xedea dute, espazio hezitzaile seguru eta kalitatezkoen aldeko inbertsioak izanik.

Era berean, Kaputxinoetako eta Agustinetako auzo-bizitzetan arnasgune izango dira, auzotarrei aisialdiaz gozatzeko espazio publikoak eskainiz.

Herriko ikastetxe guztien informazioa 2018 eta 2019 urteetan jaiotako haurren etxeetara

Aurten ere herriko ikastetxe guztien informazioa jasotzen duen gutuna bidaliko da 2018 eta 2019 urteetan jaio eta Errenterian erroldatutako 528 haurren etxeetara.

Matrikulatzeko garaian kontuan hartu beharreko irizpideen artean daude hautatu beharreko hizkuntza eredua eta ikastetxearen kokapena. Haurraren gizarteratzean eta gure herriaren garapenean gai horiek duten garrantziaz jakitun, Errenteriako Udalak matrikulatzeko adinean dauden haurren familiak animatu nahi ditu seme-alabak D ereduan eta Errenteriako Ikastetxeetan matrikulatzera.

No comments yet.

Utzi erantzuna