Udan 14 urtetik beherakoak zaintzeko norbait kontratatzeko dirulaguntza dagoeneko eska daiteke

Koronabirusak tokiko ekonomian izan duen eta izaten ari den eragina arintzeko, Udalak martxan du talka- eta suspertze-plana. Plan horrek 16 neurri ditu etxeko ekosisteman eta tokiko sare ekonomikoa osatzen duten sektore ekonomikoetan eragiteko.

Osasun larrialdiak herriko haur eta familien eguneroko bizitza errotik aldatu du. Familiei kontziliazio horretan laguntzeko, Errenteriako Udalak dirulaguntza lerro berri bat sortu du, osasun krisiaren ondorioei erantzuteko diseinatutako talka planaren laugarren neurria da. Dirulaguntza hau ekainaren 12an egin zen prentsaurrekoan aurkeztu zuen Udalak, baina momentu horretan oraindik ezin zen eskatu. Orain, aldiz, eskatzeko epea zabalik dago.

Dirulaguntza lerro honen xedea ikasturte berria hasi bitarte haurren zaintza kontratatzeko laguntza eskaintzea da. Honen bidez 30.000€ jarriko ditu Udalak herritarren eskura. Laguntza hau jaso ahal izango dute Errenterian erroldatuta dauden eta 45.000€-tik beherako errenta duten 14 urtetik beherako adin-txikikoak haien kargu dituzten familia unitateek.

Ekainaren 15etik irailaren 15era bitarteko epean burututako kontratazioak artatuko dira. Laguntzaren zenbateko osoa, familiaren urteko errenta gordinaren, lanaldiaren eta kargurako adingabe kopuruaren arabera zehaztuko da, oinarrizko kuotatik abiatuta.

Eskabideak aurkezteko epea irekita dago eta irailaren 15ean amaituko da.
Dirulaguntza horren inguruko oinarriak hemen irakur daitezke eta eskaera egiteko epea zabali da jadanik honako esteka honetan.

Comments are closed.