Emantzipazioaren gaia nagusi gazteen asanbladan

Joan den asteko otsailaren 4 goizean burutu genuen azken asanblada, 18-30 urte bitarteko gazteekin. Eguraldi txarrak, larunbata goiza izanik etxetik ateratzera gonbidatzen ez bazuen ere, azkenean 20 gazte bildu ginen Merkatuzarren.

Asanbladako edukiak lantzen hasi aurretik, esnatzeko eta elkar ezagutzeko dinamika bat burutu genuen musikaren laguntzaz, behin denok ongi aktibatuta geundela lanean jarri ginen. Hiru talde txikitan banatu ziren gazteak, lehenik eta behin mapeo ariketa bat eskaini genien, bertan elkartzeko guneak eta herriko gazte espresioak zerrendatzea eskatuz. Bigarren ariketan aldiz, 3 txoko ezberdinetan banatutako gai zehatz batzuk proposatu genizkien, ongi bizitzea, etxebizitza eta lanaren gaiak. Talde txiki bakoitza, bi txokotatik pasa ziren. Txokoetan, gaiaren inguruko alderdi positibo zein negatiboak identifikatzeaz gain, gauza negatiboei aurre egiteko proposamen zehatzak garatu behar zituzten. Proposamenak garatzeko proiektuen fitxa eskaini genien, bertan 13-17 urteko asanbladan bezala, collage bidezko irudi bat, izenburu bat eta proiektuaren azalpen txiki bat jarri behar zuten. Bukatzeko aurkeztutako proiektuak lehenesteko eskatu genien, bakoitzak 2 proiektu bozkatzeko aukera izan zuen.

Etxebizitza komunitarioa jarriko da martxan

Lehenestutako bi proiektu garrantzitsuenak etxebizitza komunitarioa eta gazteentzako aisialdi guneak izan ziren. Etxebizitza komunitarioaren proiektua udalaren apostua  ere badenez, proiektu hau hartuko da hurrengo hilabeteetan lanketa gisa.

Lehenengo ekimena, gaian kokatzeko asmoz, Martxoaren 10ean Xenpelar etxean eskainiko den etxebizitza komunitarioaren inguruko jardunaldia izango da. Honen ostean hilabetean behin elkartuko gara, udalak esku artean duen gazteentzako etxebizitza komunitarioaren inguruan aritzeko, programa arkitektonikoa, sartze baldintzak, gestioa,…  Gazte aisialdia garatzeko asmoz, edozein ekimen burutzeko aukera eta bitartekoak eskaintzeko konpromisoa luzatzen dugu baita ere.

Comments are closed.