Diagnostiko baten kronika: gazteak (18-30)

Marea Goraren lehenengo zatia bukatzear da. Azarotik urtarrilera 18-30 urte arteko ehun gazte baino gehiagok eman dute euren iritzia. Azken asanblada irekia baino ez da falta proiektu konkretuez hitz egiten hasteko. Hala ere, asko izan da hilabete hauetan egindako lana, eta aurrera begiratzeari utzi gabe, egindako bideari erreparatzeak merezi du.

Hainbat elkarte eta eragilerekin egindako bileretan 50 gazte inguruk hartu dute aurrez aurre parte. Tartean, Lotze Eskalada Taldea, Kolpe Morea, Ikasle Abertzaleak, konpartsak… Horrez gain, beste 100 inguru izan dira on-line bidezko galdetegia erantzun dutenak.

Etxebizitza eta lana arazo nagusi

Azken asanbladaren faltan, hauek izan dira Hiritik Ateko kideek 18-30 urte bitarteko gazteei gehien entzun dizkieten arazo eta ekarpenak. Batetik, etxebizitzaren gaiak interes handia piztu du, eta askok azpimarratu dute emantzipatzeko zailtasun handiak dituztela. Antzeman dute baita ere, alternatiba ekonomikoen  (ekonomia soziala, kooperatibismoa) inguruan ezagutza gutxi dutela. Kuadrilen arteko harreman falta eta generoa edo kulturartekotasuna bezalako gaiak lantzeko beharra ere aipatu dituzte gazteek.

Gogoratu, dena den, oraindik ez dela amaitu iritzia emateko tartea. Otsailaren 4an, gazteen asanblada irekia egingo dugu, goizeko 11:00tan Merkatuzarren. Etorri eta jarri zure alea zerbait berria sortzeko.

EUS

 

Comments are closed.