bg

Juneren Hegoak elkarteak bere eguna ospatuko du larunbatean

cartel_JH17Juneren Hegoak elkarteak  larunbatean, urriaren 21ean, ospatuko du bere urteroko festa. Errenteriako Lehendakari Agirre plazan egingo dute elkartasun ekitaldia, eta hainbat ekintza antolatu dituzte. Horien artean, Go!azen EITBren telesaileko gazteen ikuskizuna nabarmendu dute.

Goizeko 11:00etan hasiko dira ekintzak: eskulanen tailerra, sentsibilizazio-jokoak eta puzgarriak egongo dira, baita etxeko txikienek beraien aurpegia margotu ahal izateko tailerra. Bazkalostean, 17:00etan Go!azen telesaileko gazteek musika eta dantzaz beteko dute plaza. 18:00etan, elkarteak laguntza ematen dien familiei omenaldia eskainiko diete. Aurten, gainera, Hibaika arraun taldeko neskak ere omenduko dituzte, izan ere,  Juneren Hegoak elkartearen tximeleta gainean eramaten dute beraien proba guztietan. Jarraian, zumba saioa hasiko da, Activadancen eskutik. Eguna bukatzeko, Landarbasoko Dizdizka eta  Kontari koroak ikuskizuna eskainiko dute.

Beste hainbat elkarte lagun ere egongo dira egun honetan eta, opari tonbola antolatuko dute, bertako erakunde eta denda askoren eskuzabaltasunari esker. Besteak beste, Errenteriako Zaldiak jatetxean afaltzeko bi bazkari/afari, Errenteriako dendetatik hainbat produktu, BM Supermerkatuak eta Super Amarak emandako produktu sorta batzuk, Sisters and the Cityren kit bat, Aquariumerako edota Bera Bera zein Gipuzkoa Basketen partidak ikusteko sarrerak zozketatuko dira.

Antolatzaileek gogorarazi dute Juneren Hegoak-en helburua Gipuzkoako familientzat laguntza sarea sortzea dela. Zehazki, haurren gaixotasun, heriotza edo dolu esperientzia bizitzean kalteberatasun egoeran dauden Gipuzkoako familiei zuzenduta dago elkartea. Juneren Hegoak elkarteak gonbidapena luzatu du, elkartearentzat hain berezia den egun honetan parte hartzeko eta herritarren kolaborazioa eskatzeko Juneren Hegoak elkarteak familiak laguntzen jarraitu ahal izateko.

kartela_JH17

Comments are closed.