Etxebizitza komunitarioak ezagutzen

DSC_0018

Joan den martxoaren 10ean, Xenpelar etxean bildu ginen etxebizitza kooperatibo eta komunitarioen inguruan gehiago jakiteko asmoz. Honetarako jardunaldi xume baina interesgarria antolatu genuen. Bartzelonako Sans auzoan kokatua dagoen LaBorda fundazioko Arnau kidea eta berez lezotarra den Irati Mogollon Gonzalez ikerlaria ere. Jardunaldira batik bat herriko gazteak gerturatu ziren baina baita hainbat arkitekto, beste herrietako gazte, alkate eta teknikariak ere. Guztira 40 pertsona inguru bildu ginen.

Zaintzaren garrantzia

Lehenik eta behin,  berak landutako gaiaz hitz egin zigun Mogollonek, Europako eta EAEan dauden zaintzaren inguruko etxebizitza proiektu komunitario ereduen eta indikadoreen inguruan, hain zuzen ere. Emakunderen ikerketa dirulaguntza bati esker burututako lan honetan modu komunitarioan bizitzeko eredu ezberdinak ezagutzeko aukera izan du. Horrenbestez, gure proiekturako oso interesgarriak izan daitezkeen eredu eta kontzeptuak azaldu zizkigun.

LaBordaren adibidea

Bestalde, Arnau-ek Bartzelonako Sans auzoan kokatua dagoen Can Battló zonaldean garatzen ari diren Laborda etxebizitza kooperatibaren inguruan mintzatu zigun. Laborda, zerotik hainbat pertsonek abiarazi duten proiektu komunitarioa da, honen berezitasun nagusia Andel ereduan oinarriturik, jabego pribatu eta lur pribatuan eraiki beharrean, Bartzelona udalarekin lur zesioa adostu dute eta bertan kooperatiba baten bitartez hainbat pertsonentzako bizilekua izango dena ari dira eraikitzen.

Prozesu guzti hau aurrera ateratzeko orain arte egindako ibilbidearen berri eman zigun berak, antolakuntza eta funtzionamendurako gako interesgarriak eskainiz.

Amaieran Itziar Ostolaza zinegotziak Errenterian garatu nahi den proiektuaren inguruko hainbat datu eskaini zituen. Argi utzi zuen, hala ere, lan asko dagoela aurretik eta horretarako datorren hilabeteetan, hainbat bilkura egingo direla xehetasunak denon artean adosteko.

 

Comments are closed.