Kronika: Errenteriako nerabeak entzuten

Lan askoren ondoren, Marea Goraren lehenengo zatia bukatzear da. Azarotik urtarrilera 13-17 urte arteko 150 gazte baino gehiagok eman dute euren iritzia, eta azken asanblada irekia baino ez da falta proiektu konkretuez hitz egiten hasteko. Hala ere, asko izan da hilabete hauetan egindako lana, eta atzera begira jarri nahi izan dugu:

Nagusiki ikastetxeetan egindako lanari esker hartu dute nerabeek prozesuan parte, eta zentzu horretan oso eskertzekoa da bertako zuzendari, irakasle zein ikasleek izan duten jarrera. Erraza izan da haiekin aritzea. 1. DBH-ko ikasgeletatik hasi eta 1. Batxillergora arteko ikasleekin bildu gara, eta guztira, 6 ikastetxetatik igaro: Koldo Mitxelena, Bizarain, Cristobal Gamon, San Jose, Oiartzo eta Telleri. Horrez gain, on-line galdetegiaren bitartez ere asko izan dira euren iritzia eman dutenak.

Kalea ondo ezagutzen dute

Mapeoen bidez, hiriko espazioak identifikatu eta baloratu dituzte gazteek: elkartzeko espazioak, sorkuntzarakoak, eta haietako bakoitzean dauden beharrak identifikatu. Gazteekin egindako bide honetan, argi ikusi dugu sormenerako eta sortzeko gaitasun eta premia badutela, nahiz eta askotan euren egiteko moduak eta interesak ez datozen bat erakundeetatik datorrenarekin. Nabaritu dugu, baita ere, kaleko espazioen ezagutza oso zehatza dutela, eta argi dutela zer hobetu nahi duten inguru bakoitzean. Zentzu horretan, espazio estalien beharra behin eta berriz errepikatu den kexa da.

Gogoratu, dena den, oraindik ez dela amaitu iritzia emateko tartea. Otsailaren 3an, 13-17 urteko gazteen asanblada irekia egingo dugu, arratsaldeko 17:30tan Reina Aretoan. Etorri eta jarri zure alea zerbait berria sortzeko.

EUS3

Comments are closed.