marea gora

Zergatik Marea Gora?

Marea Gora – Errenteriako Gazte Plana osatzeko prozesua

Plan bat besteengatik bereizten duena ez da edukia soilik. Nola eta noren iritziekin egin den  mamia bera bezain garrantzitsua da, ez baita derrigor inposizioz ezartzen. Errenteriako Gazte Plana egiteko ere, norekin eta nola galderak erantzunez hasi gara, horrek emango diolakoan forma bat edo beste.

Goitik behera datorren ibaiak eta behetik gora datorren mareak etengabe egiten dute topo. Marea gora ekimenarekin, Udala den ibaia eta herriko haur eta gazteak diren marea harremantzeko modua aldatu nahi dugu. Udaletik proposamenak egin beharrean, ubideak ireki nahi ditugu guk, gazte, haur eta nerabeen mareak gora egin dezan. Haien freskotasunak eta indarrak blaitu ditzan gure herria hobetzeko ditugun azpiegitura eta baliabideak. 

Itsasoa Errenteriaren ondare historiko eta kulturala da. Itsasoak jarri gaitu munduko kulturekin harremanean, eta harreman horrek egin du gure herria anitz eta aberats. Marea gora ekimenak ere, Errenteriaren ezaugarria den aniztasun hori bildu nahi du, inor atzean utzi gabe. Horregatik, irekitako bideak zabalak izango dira, edonor eroso sentitzeko modukoak. Eta aldi berean, izango dira zehatzak, Udalak eta herri honek dituen baliabide eta aukerei oso lotuak, prozesuan sortutako olatua alperrik gal ez dadin.

Comments are closed.